Guztira 36 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Barañainen, Ziurtagiriaren laugarren banaketa ekitaldian. Horietatik 1ek “Zerbitzua eta lana euskaraz” maila lortu du; 7k “Zerbitzua euskaraz” maila; eta 28k “Bidean” maila. Azpimarragarria da, aurten 4 entitate berrik eskuratu dutela Ziurtagiria: Cubillas farmaziak, Electrónica Barañain-ek, Samuel López Costa Centro Veterinario ABODI-k, eta Igandea Txarangak. Entitate batek berriz –Haizea Kultur Elkarteak, hain zuzen ere- maila igoera izan du eta “Bidean” mailatik “Zerbitzua euskaraz” mailara igaro da. Banaketa ekitaldian izan dira Jose Antonio Mendive Barañaingo alkatea eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria. Baita PSN, IU eta NaBai alderdietako udal ordezkariak ere.
Barañaingo Udalak urte batzuk badaramatza herrian euskararen erabilera bultzatzen: “36 Ziurtagiri banatu ditugu gaurkoan eta kopurua garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da horren atzetik dagoen lana: urtez urte ematen dituzuen urratsak, lortzen dituzuen helburuak eta zuen konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiten duzuena”, adierazi du Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak gaur Barañainen egin den Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian. Eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak egiten ari diren aldaketak zerrendatu ditu jarraian: euskara ikasi, errotuluak euskaratu, webguneetan euskara erabili, bezeroak euskaraz hartu, komunikazio publikoetan euskaraz hitz egin, euskaraz dauden programa informatikoak erabili, hornitzaileei euskaraz lan egiteko eskatu, produktuen etiketak euskaratu...
Gutiérrezek argi dauka euskarak onura argiak dakarzkiola enpresari. Bere esanetan, euskarak lehiakorrago eta profesionalago egiten ditu enpresak. Izan ere, enpresa horiek gehigarri bat dute euskaraz aritzeko gai ez diren enpresekin alderatuz, eta gainera euskara gero eta gehiago erabiltzen den gizartean egoera berrietara egokitzeko gai direla erakusten dute: “Euskarazko merkatu potentziala handitzen ari da eta enpresa, komertzio txiki nahiz era guztietako entitateek merkatuko eskaerari erantzuteko gai izan behar dute”. Gutiérrezen hitzetan, Ziurtagiriaren Elkarteak baieztapen horietan sinesten du eta horregatik dihardu Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez lanean.
Jose Antonio Mendive, Barañaingo alkateak (UPN) Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak zoriondu ditu eta Udalak Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua babesten nahiz bertan parte hartzen jarraituko duela ziurtatu du, bere esanetan hizkuntzak zaindu egin behar baitira: “Barañaingo Udalaren ustez, hizkuntzak gorde, zaindu egin behar dira eta bere erabilera errekuperatu behar da. Eta horixe da Barañainen egiten ari garena: euskara bultzatzen ari gara Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez”. Eta gaineratu du, helburu hori lortzeko Udalak, gizarte erakundeek eta euskalgintzak guztiek batera egingo dutela lan.