Donostian eta Altzan Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten 156 entitateren gida argitaratu du Ziurtagiriaren Elkarteak Euskarak Batzen eta Bizarrain elkarteen laguntzarekin.
“Bai Euskarari Ziurtagiria lortuz, euskara kontuan hartzen dutela erakutsi dute entitate horiek, eta gida honen bidez, errazagoa izango da Donostia eta Altzako bezeroentzat euskarazko zerbitzuak aukeratzea”, halaxe azaldu du Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak Euskarak Batzeneko Jexux Arrizabalaga eta Bizarraingo Saioa Labakarekin batera gaur goizean Donostian egindako prentsaurrekoan.
Gida honekin erreminta erabilgarri bat sortu nahi izan dute. Bezeroek kalitatezko zerbitzua eskaintzen duten entitateak aintzat hartu ahal izateko. Gidan zerrendatu dituzten 156 entitateetatik 37 Altzakoak dira, eta gainontzeko 119ak Donostiakoak. Are erabilgarriago egiteko gainera, sektoreka banatu dute gida: ostalaritza, merkataritza, elkarteak, irakaskuntza eta formazioa, zerbitzuak, osasuna, kirola, finantzak eta aseguruak, kultura, elkargoak, gizarte mugimenduak eta hedabideak agertzen dira.
6.500 ale kaleratu dira guztira. Horietatik 4.000 Irutxuloko Hitza-rekin banatuko dira doan asteburu honetan. Bai Euskarari Ziurtagiria duten guztiei hamarna ale bidaliko zaizkie. Gidarekin batera, ziurtagiria dutenen zerrendarekin kartel bat ere egin dute. Kartel hori ziurtagiria duten entitate guztiei bidaliko zaie. www.baieuskarari.org/dokumentuak/GIDAopt.pdf helbidean ere kontsulta daiteke gida.
Bost eta zazpi urteko esperientzia
Donostian duela bost urte hasi ziren Bai Euskarari Ziurtagiriarekin lanean. Gaur egun, 120 bat enpresa saltoki eta era guztietako entitatek daukate ziurtagiria. Arrizabalagaren esanetan, “benetan datu esanguratsuak” dira eta bezeroen eskura jarri behar dira. Altzan ere pausu garrantzitsuak eman dituztela azpimarratu du Labakak.
Nola Donostiako hala Altzako hainbat entitate, hautu horrek ekarri dizkien emaitzak ikusita, jarduera erabat euskaraz egiteko ahaleginetan ari direla azaldu du Labakak: “Batzuei bezero gehiago erakartzeko balio izan die ziurtagiriak; lehiakorragoak dira orain. Izan ere, hiritarrei gertuko egiten zaie ziurtagiria eta konfiantza ematen die. Beste entitate batzuk ziurtagiria eskuratu izanagatik zoriondu egin dituzte. Bezeroen feed-backa eta leialtasuna lortu dute haiek ziurtagiriarekin”.
Bai Euskarari Ziurtagiria gorako bidean
Bai Euskarari Ziurtagiria arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa da; profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena. Duela ia zortzi urte sortu zen eta dagoeneko Euskal Herri osoko 1.500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate baino gehiagok eskuratu dute.
Orain dela urtebete urrats garrantzitsua eman zuen Bai Euskarari Ziurtagiriak. Izan ere, zazpi urteren buruan lortu zuen arrakasta ikusita, Kontseiluaren ekimenez Ziurtagiriaren Elkartea sortu zen Ziurtagiriaren kudeaketaz arduratzeko, eta hasierako proiektua partekatu egin zen hala. Orain beraz, Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateek ere parte hartzen dute ziurtagiriaren gestioan.
Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak azaldu duenez, zortzi urtetan metatutako esperientziari esker etengabe hobetuz joan da Ziurtagiria bera: “Esperientziatik abiatuta hobetzeko bideak jartzen dituzten proiektu dinamiko eta berritzaileetan oinarritzen da orain Ziurtagiriaren Elkartea”.